1.- LASTERKETA DATA ETA ORDUTEGIA

Eguna: 2025ko apirilaren 25a

Irteera: 22:00an Errekaurkulluko zubian, Arantzazuko santutegi azpian

Helmuga: Buetraitzeko tontorrean

2.- EZAUGARRIAK

Buetraitzeko Igoera Bertikala Errekaurkulluko zubian (Bellotza, 593 m), Arantzazuko santutegi azpian, hasi eta Buetraitz (1320 m) helmuga duen gauezko lasterketa da. Tradizioa jarraituz, Aloñako Igoerako asteburuko ostiral gauean antolatzen da, bost urtean behin.

Bellotzan abiatu eta Arantzazurantz doan bidetik igoko dira lasterkariak, aparkalekua gurutzatu, parketxe ondotik pasatu eta Duruko etxoletara zuzen doan bidea hartzeko. Iada basotik irtenda, Unamendiko zelaigunea gurutzatu eta Buetraitzera doan azken aldapari aurre egingo diote lasterkariek, tontorrera iristean kronoa gelditzeko.

Lasterkariak (100 guztira, gehienez) 30 segunduro aterako dira irteera puntutik, erlojupeko baldintzetan, Buetraitzerantz abiatuko direlarik. Lasterketako 10 faboritoen artean minutu bateko tartea utziko da. Probaren irabazlea Buetraitzeko tontorrean kronoa azkarren gelditzen duen lasterkaria izango da, sariak orden horren arabera emango direlarik.

3.- IBILBIDEA

Datu orokorrak: 

  • Luzera: 2,8 km
  • Desnibel positiboa: 727 m+
  • Gutxieneko altitudea: 593 m
  • Gehieneko altitudea: 1320 m

Lasterketako ibilbidea banderatxo argiztatu, plastikozko zinta edota laguntzaileekin seinalatuta egongo da eta bertan aurkitu daitezkeen arrisku guneak behar bezala adierazita.

4.- PARTEHARTZEA

Parte hartzaile kopurua: 100 korrikalari. 18 urtetik gorako (lasterketaren egunean) atleta, mendizale eta kirolari guztiek dute proban parte hartzeko aukera, arautegi honetan adierazitako guztia onartu eta zehaztutako baldintza guztiak betetzen badituzte behintzat.

5.- MAILAK 

Lasterkarien mailak proba ospatzen duten egunean duten adinaren arabera sailkatuko dira, hurrengo irizpideak erabiliz:

  • Gizonezkoen maila:
    • Seniorrak: 18-44 urte bitartekoak
    • Beteranoak: 45 urtetik gorakoak
  • Emakumezkoen maila:
    • Seniorrak: 18-44 urte bitartekoak
    • Beteranak: 45 urtetik gorakoak

6.- IZEN EMATEA

Antolakuntzaren sare sozialetan (@alonakoigoera) publikatuko dira izenemate datak eta helburu horrekin prestaturiko plataforma informatikoaren inguruko informazio guztia. 

Dortsalak pertsonalak eta transferi ezinak izango dira. GUZTIZ DEBEKATUA dago beste norbaiten izenean partehartzea edota beste korrikalari baten dortsalarekin lasterketa egitea. Ez da dortsalen izenen aldaketarik onartuko.

7.- PREZIOA

Izen ematearen prezioa 15€koa izango da. Izen emateak zera bermatzen du:

  • Buetraitzeko igoera bertikalean parte hartzea
  • Istripu asegurua
  • Erantzukizun zibileko asegurua
  • Lasterketan zeharreko osasun-laguntza
  • Denboraren kronometraia, txip bidez
  • Anoa-postuak
  • Lasterketako opari poltsa

8.- DORTSALEN BANAKETA

Dortsalen banaketa lasterketa egunean bertan egingo da,  arratsaldeko 19:00etatik aurrera, Arantzazuko parketxean. Dortsala jasotzerako orduan derrigorrezkoa da dokumentazioa erakustea (NAN edo gida baimena). 

Lasterketa osoan zehar dortsala gorputzaren aurreko aldean eta agerian eramatea derrigorrezkoa eta ezinbestekoa izango da.

9.- ERRETIRATZEA

Lasterkarien kontrola erraztu eta segurtasuna bermatze aldera, derrigorrezkoa da ibilbidean zehar lasterketa uztea erabakiz gero antolakuntzako edo laguntzaile taldeko edozeini abisua ematea.

10.- SARIAK

Honakoak izango dira Buetraitzeko Igoera Bertikaleko sariak:

  • Buetraitzeko Igoera Bertikaleko podiuma, gizonezko zein emakumezko kategoriak:
    • Lehen saria: 150€, txapela eta garaikurra.
    • Bigarren saria: 100€ eta garaikurra.
    • Hirugarren saria: 50€ eta garaikurra.
  • Lehenengo 3 beteranoak, gizon zein emakumezko kategoriak: garaikurra.
  • Lehenengo Oñatiarrak, gizon zein emakumezko kategoriak: garaikurra.
  • Probako errekorraren saria: 100€. Gainditzeke:
    • Gizonezkoetan: 25:09 (Iban Murua, 2016)
    • Emakumezkoetan: 34:02 (Ainhoa Lendinez, 2019)

Sari banaketa lasterketa amaitu ostean egingo da Arantzazuko parketxean.

11.- LASTERKETA BERTAN BEHERA UZTEA

Lasterkarien, antolakuntzaren eta boluntarioen segurtasuna bermatze aldera, eta baldintza klimatikoek beste aukerarik utzi ezean, antolakuntzak lasterketa bertan behera uztea erabaki dezake.

Behin lasterketa abiatuta baldintzak txarrera egiten badute eta egoerak horretara bultzatzen badu, ibilbideko edozein unetan proba eten daiteke. Horrela gertatuz gero, proba eten den une horretako ordenaren edo puntu horretara iristen diren denboren arabera emango dira sailkapen sariak.

Antolakuntzaren esku ez dagoen beste edozein arrazoi dela eta, proba bertan behera gelditzen bada, lasterkariei ez zaie izen ematearen dirua itzuliko.   

12.- MATERIALA

Mendiko oinetakoak edo oinetako minimalista/alternatiboak erabiltzea derrigorrezkoa da (Euskal Mendizale Federazioaren mendiko lasterketen arautegian 4.2.2. puntuan batuta dauden baldintzapean).

Antolakuntzak eguraldiaren arabera derrigorrezko material gehigarria soinean eramatea eskatu dezake (eskularruak, buffa, manta termikoa…). Arropa hauen erabilera erregulatu eta erabakiak hartzea antolakuntzaren zein boluntarioen esku egongo da ibilbide osoan zehar.

Bastoien erabilera baimenduta egongo da, beti ere, lasterketaren hasieratik amaieraraino eramaten badira. Antolakuntza inolaz ez da material honen kargu egingo.

13.- KONTSIGNA ZERBITZUA

Lasterketa egunean bi kontsigna zerbitzu egongo dira eskuragarri:

  • 19:30  - 20:30 artean jasotako arropak Buetraitzeko tontorrera igoko dira helmugaratutako lasterkariek jantzi ahal izateko.
  • Bitartean, dortsalen banaketa egingo den leku berdinean lasterketa amaitu arteko ohiko kontsigna zerbitzua eskainiko da.

14.- INGURUMENA

Lasterketa, bere hein handienean, edertasun natural handiko parajeetatik igarotzen da, Aizkorri-Aratz Parke Naturalean. Hau horrela izanik, ingurunea ahal beste zaintzeko eta zaborrak ibilbidean zehar ez botatzeko eskatuko zaie lasterkari, ikusle zein boluntario guztiei. Ingurumena edo bertako edozein bizidunen ongizatea kaltetzeko arriskurik egonez gero, antolakuntzak ibilbidearen tarte bat aldatu edo mozteko ardura izango du.

Oinarri-oinarrizko arau hau betetzen ez duen korrikalari oro probatik kanpo uzteko eskubidea izango du antolakuntzak.

15.- OSASUN LAGUNTZA

Antolakuntzak sorospen- eta salbamendu - zerbitzuak ezarriko ditu ibilbide guztian zehar. Helmugan eta Arantzazun hala behar duten lasterkarientzat lehen sorospen zebitzua egongo da.

16.- ASEGURUAK

Lasterketako partehartzaile guztiek aseguru bat izango dute, probaren baitan min hartu edo istripuren bat izanez gero estaldura osoa emateko. Lasterketa ondoren 24 ordu izango dira istripuaren berri emateko.

17.- SEGURTASUNA

Antolakuntzak, aurretik lasterketako batzordearekin hala adostuz gero, proba ordezko ibilbidetik desbideratzeko, beharrezkotzat jotzen dituen aldaketak egiteko eta, eguraldiak hala eskatzen badu, lasterketa bertan behera uzteko eskubide osoa izango du, beti ere lasterkarien, bolondresen eta ikusleen segurtasuna bermatuz.

18.- LAGUNTZA EZBEHARRETAN

Parte-hartzaileek betekizun izango dute istripuren bat izan duen edonor laguntzea eta kontrol-guneetan edozein ezbeharren berri ematea.

19.- ERANTZUKIZUNA

Antolakuntzak erantzukizun oro ukatuko du istripuren bat gertatu edo zabarkeriaz jokatzen bada. Parte-hartzaileen objektu pertsonalei dagokienez, xede horrekin prestaturiko kontsigna zerbitzua erabiltzea eskatzen da. 

Arauak bete ezean, parte-hartzaileek izango dute euren buruari edota hirugarren pertsonei eragindako kalte ororen erantzukizuna.

20.- ZIGORRAK

Honakoak izango dira arau-hausteen zigorrak:

  • Beste korrikalari edota beste pertsona baten izenean partehartzeagatik hurrengo 4 urtean partehartzea galaraziko zaio korrikalariari. 
  • Ibilbidean zehar derrigorturiko materiala jaztea ukatuz gero, lasterketatik kanporatua izango da.
  • Ibilbidean zehar beste lasterkariren bat edota ikusleren bat arriskuan jarriz gero, lasterkaria kanportaua izan daiteke.
  • Derrigorrezko materiala uneoro soinean eraman ezean, lasterkaria kanportaua izan daiteke.
  • Antolakuntza, segurtasun edo sorospen taldeetako laguntzaileen adierazpen edo aginduei kasurik egin ezean, korrikalaria lasterketatik kanporatua izango da.

21.- IRUDI ESKUBIDEAK

Lasterketan parte hartzea onartzean, lehiakideek onartzen dute ekitaldiaren antolakuntzak eta babesleek irudiak, argazkiak, bideoak eta lehiaketan zehar sortutako edozein ikus-entzunezko material erabiltzeko eskubidea dutela, ekitaldiarekin lotutako helburuekin. Horren barruan sartzen da komunikabideetan, sare sozialetan, webguneetan eta inprimatutako materialetan argitaratzea.

22.- BESTE BATZUK

Arautegi honetan aipatzen ez diren beste edozein puntu Euskal Mendizale Federazioaren (EMF – FVM) mendi lasterketen arautegiak esaten duen erara arautuko da.

 

Guztion artean Buetraitzeko igoera bertikal seguru, jasangarri eta eder bat antolatu dezakegulakoan, gozatu, bizi ibili eta kontuz deabruarekin!


 

BUETRAITZEKO IGOERAREN ANTOLAKUNTZA TALDEA