Araudia


1.- LASTERKETA DATA ETA ORDUTEGIA

Eguna: 2025ko apirilaren 27a

Irteera: 09:30tan Oñatiko Foru Enparantzan

Helmuga: Oñatiko Foruen Enparantzan

2.- EZAUGARRIAK

Aloñako Igoera, Aloñako mendikatean zehar, altuera ertainean, egiten den mendi lasterketa da, Artzanburuko tontorra (1354 m) puntu altuena izango delarik. Oñatiko erdigunetik (230 m) Urtiagainera (490m) abiatuko gara asfaltozko bidetan lehenik eta baso pistetan barrena ondoren. 

Urtiagainetik Belarrera doan bidexka hartutakoan maldak gogorragoak bihurtuko dira altuerako larretan zehar. Belarretik aurrera (922 m) Aloña tontorrera (1238m) eramango gaituen bide osoa begi bistan izango dugu uneoro. 

Behin Aloñako gurutzera iritsita lasterketaren zati teknikoenari egingo diogu aurre. Aurrerantz jarraituko dugu, Aloñako mendizerran barrena, Buetraitz, Akaitz, Arriurdiñ eta Artzanburu mendiak gainditzeko, eta ondoren, Aloñaren ipar aurpegian aurkitzen den mehatzarien bide zaharretik barrena, Oñatiko plazara iristeko.

3.- IBILBIDEA

Datu orokorrak: 

  • Luzera 22.6 km (3 km asfaltoan)
  • Desnibel positiboa 1868 m 
  • Gutxieneko altura 230 m
  • Gehieneko altura 1352 m

Anoa postuak: 6

  • Urtiagain – 4 km (likidoa)
  • Aloña – 8 km (likidoa + solidoa)
  • Eskista – 13 km (likidoa + solidoa)
  • Aginaga – 16 km (likidoa + solidoa)
  • Karolieta "Zalditokia" – 21 km (likidoa) 
  • Helmugan – 22,6 km (likidoa + solidoa)

Lasterketako ibilbidea banderatxo, plastikozko zinta edota laguntzaileekin seinalatuta egongo da eta bertan aurkitu daitezkeen arrisku guneak behar bezala adierazita. Ibilbideko kilometroak ere kartel bidez argi adierazita egongo dira.

 

4.- PARTEHARTZEA

Parte hartzaile kopurua: 300 korrikalari. 18 urtetik gorako (lasterketaren egunean) atleta, mendizale eta kirolari guztiek dute proban parte hartzeko aukera, arautegi honetan adierazitako guztia onartu eta zehaztutako baldintza guztiak betetzen badituzte behintzat.

5.- MAILAK 

Lasterkarien mailak proba ospatzen duten egunean duten adinaren arabera sailkatuko dira, hurrengo irizpideak erabiliz:

  • Gizonezkoen maila:
    • Seniorrak: 18-44 urte bitartekoak
    • Beteranoak: 45 urtetik gorakoak
  • Emakumezkoen maila:
    • Seniorrak: 18-44 urte bitartekoak
    • Beteranak: 45 urtetik gorakoak

6.- IZEN EMATEA

Antolakuntzaren sare sozialetan (@alonakoigoera) publikatuko dira izenemate datak eta helburu horrekin prestaturiko plataforma informatikoaren inguruko informazio guztia. Izenemateak gauzatzeko 2 epe egongo dira; lehena, Oñatiarrentzako (100 dortsal), eta ondoren, beste korrikalari ororentzako. Oñatiarrentzako tartean izena emateko baldintzak honakoak dira: izen-ematea egiteko momentuan Oñatin erroldatua egotea edota, aurrez, Oñatin 5 urtez erroldaturik egon izana. 

Dortsalak pertsonalak eta transferi ezinak izango dira. GUZTIZ DEBEKATUA dago beste norbaiten izenean partehartzea edota beste korrikalari baten dortsalarekin lasterketa egitea. Ez da dortsalen izenen aldaketarik onartuko.

7.- PREZIOA

Izen ematearen prezioa 30€koa izango da. Izen emateak zera bermatzen du:

  • Aloñako Igoera lasterketan parte hartzea
  • Istripu asegurua
  • Erantzukizun zibileko asegurua
  • Lasterketan zeharreko osasun-laguntza
  • Denboraren kronometraia, txip bidez
  • Anoa-postuak
  • Dutxak helmugatik gertu
  • Lasterketako opari poltsa (finisher / lasterketa amaitzen dutenei)
  • Antolakuntzak probarako lor ditzakeen sarien zozketan parte hartzea

8.- BAJA EMATEAK

Izen ematea bertan behera utzi nahi izanez gero, antolakuntzarekin harremanetan jarri beharko da. Honakoak dira baja eta itzulera epeak:

  • Baja hilabete (edo denbora gehiago) lehenago komunikatuz gero, inskripzio kostu osoa itzuliko da (gestio gastuak kenduta), beti ere, itxaron zerrendatik ordezko korrikalari bat sartzea lortzen bada.
  • Baja antolakuntzari hilabete eta 15 egun artean komunikatuz gero, inskripzio kostuaren %50a itzuliko da, beti ere, itxaron zerrendatik ordezko korrikalari bat sartzea lortzen bada.
  • Baja lasterketa egunerako 15 egun edo gutxiago faltan komunikatzen bada, ez da inskripzio kostua itzuliko.

Antolakuntzak lasterkari baten baja eskaera jasotzen duenean, itxaron zerrendatik beste bat sartuko du, izen-ematearen hurrenkera berean.

9.- DORTSALEN BANAKETA

Dortsalen banaketa lasterketa egunean bertan egingo da,  goizeko 8:00etatik 9:00etara Oñatiko Foruen Enparantzan (irteera puntuan). Dortsala jasotzerako orduan derrigorrezkoa da dokumentazioa erakustea (NAN edo gida baimena). 

Lasterketa osoan zehar dortsala gorputzaren aurreko aldean eta agerian eramatea derrigorrezkoa eta ezinbestekoa izango da.

10.- DENBORA KONTROLAK

Denbora kontrola txip bitartez egingo da. Denbora mugadun 3 kontrol puntu ezarriko dira, puntu hauek denbora barruan pasatzen ez dituzten lasterkariak kanporatuak izango direlarik:

  • Aloñako gurutzea: 1h 45min
  • Eskista: 2h 45min
  • Helmuga: 4h 15min

11.- ERRETIRATZEA

Lasterkarien kontrola erraztu eta segurtasuna bermatze aldera, derrigorrezkoa da ibilbidean zehar lasterketa uztea erabakiz gero antolakuntzako edo laguntzaile taldeko edozeini abisua ematea.

12.- SARIAK

Honakoak izango dira Aloñako Igoerako sari banaketan emango diren sariak:

  • Aloñako Igoerako podiuma, gizonezko zein emakumezko kategoriak:
    • Lehen saria: 300€, txapela eta garaikurra (FAGOR eta LANA enpresek eskainitako saria).
    • Bigarren saria: 200€ eta garaikurra.
    • Hirugarren saria: 100€ eta garaikurra.
  • Lehenengo 3 beteranoak, gizon zein emakumezko kategoriak: garaikurra.
  • Lehenengo Oñatiarrak, gizon zein emakumezko kategoriak: garaikurra.
  • Aloñako gurutzera igoera denbora errekorra: 100€. Gainditzeke:
    • Gizonezkoetan: 48:01 (Imanol Goñi, 2018)
    • Emakumezkoetan: 56:30 (Maite Maiora, 2017)

*Aloñako gurutzerainoko igoerako marka onena gainditzea lortzen duenak, derrigorrez lasterketa denbora muga barruan amaitu beharko du dagokion saria jaso ahal izateko. 

  • Aloñako Igoerako errekorra: 100€. Gainditzeke:
    • Gizonezkoetan: 2:00:00 (Ibai Larrea, 2024)
    • Emakumezkoetan: 2:18:34 (Malen Osa, 2023)
  • Sari bereziak:
    • Kalibre saria, Buetraitz tontorrean lehenengo lasterkariari: 100€
    • Gary Baños saria, Oñatiko balkoitik (16 – 17 km) 46. pasatzen den lasterkariari: otar berezia.

Korrikalariei emandako opari poltsa finisherrentzat bakarrik izango da, hau da, lasterketa amaitu egin beharko da. Sari banaketa, egunean bertan, eguerdiko 13:45tan izango da, Oñatiko Foruen Enparantzan.

13.- LASTERKETA BERTAN BEHERA UZTEA

Anomalia klimatikoen (lainoa, haizea, elurra…) aurreikuspen modura, antolakuntzak ibilbide alternatiboa prestatuko du proba bertan behera uztea edo atzeratzea ekiditeko. Lasterkarien, antolakuntzaren eta boluntarioen segurtasuna bermatze aldera, eta baldintza klimatikoek beste aukerarik utzi ezean, antolakuntzak lasterketa bertan behera uztea erabaki dezake.

Behin lasterketa abiatuta baldintzak txarrera egiten badute eta egoerak horretara bultzatzen badu, ibilbideko edozein unetan proba eten daiteke. Horrela gertatuz gero, proba eten den une horretako ordenaren edo puntu horretara iristen diren denboren arabera emango dira sailkapen sariak.

Antolakuntzaren esku ez dagoen beste edozein arrazoi dela eta, proba bertan behera gelditzen bada, lasterkariei ez zaie izen ematearen dirua itzuliko.   

14.- MATERIALA

Mendiko oinetakoak edo oinetako minimalista/alternatiboak erabiltzea derrigorrezkoa da (Euskal Mendizale Federazioaren mendiko lasterketen arautegian 4.2.2. puntuan batuta dauden baldintzapean).

DERRIGORREZKOA izango da mahuka luzeko haize-babeseko txanodun jaka bat eramatea, partehartzailea bakoitzari dagokion neurrikoa. Antolakuntzak eguraldiaren arabera derrigorrezko material gehigarria soinean eramatea eskatu dezake (eskularruak, buffa, manta termikoa…). Lasterketaren irteeran, kontrol puntuetan zehar zein amaieran derrigorrezko materialaren kontrola eramango da.

Horrez gain, lasterketaren puntu konkretu batzuetan, eta baldintza klimatikoek hala eskatzen badute, arropa hauen erabilera derrigorrezkoa izango da. Erabilera hau erregulatu eta erabakiak hartzea antolakuntzaren zein boluntarioen esku egongo da ibilbide osoan zehar.

Lasterketa aurreko egunetan antolakuntzaren sare sozial zein email bidez abisua emango da, lasterkariek beharrezko materiala aurrez prestatu dezaten. Era berean, egunean bertan megafonia bidez eguraldi aurreikuspenarekin batera derrigorrezko materialaren inguruko informazioa emango da.

Bastoien erabilera baimenduta egongo da, beti ere, anoa postuetan edo kontrol puntuetan bakarrik hartu/eman daitezkeelarik. Antolakuntza ez da material honen kargu egingo.

15.- KONTSIGNA ZERBITZUA

Lasterketa egunean kontsigna zerbitzua egongo da lasterkariek motxilak edo antzeko materialak gorde ahal izateko. Goiz osoan zehar, lasterkarien dortsal zenbakiarekin batera gordeko dira bertara eramandako materialak.

16.- INGURUMENA

Lasterketa, bere hein handienean, edertasun natural handiko parajeetatik igarotzen da, Aizkorri-Aratz Parke Naturalean. Hau horrela izanik, ingurunea ahal beste zaintzeko eta zaborrak kontrol-guneetatik kanpora ez botatzeko eskatuko zaie lasterkari, ikusle zein boluntario guztiei. Xede horrekin, zabor edukiontziak ezarriko dira kontrol gune inguruneetan.

Ingurumena edo bertako edozein bizidunen ongizatea kaltetzeko arriskurik egonez gero, antolakuntzak ibilbidearen tarte bat aldatu edo mozteko ardura izango du.

Oinarri-oinarrizko arau hau betetzen ez duen korrikalari oro probatik kanpo uzteko eskubidea izango du antolakuntzak.

17.- OSASUN LAGUNTZA

Antolakuntzak sorospen- eta salbamendu - zerbitzuak ezarriko ditu ibilbideko puntu estrategikoenetan. Helmugan ere hala behar duten lasterkarientzat lehen sorospen zebitzua egongo da.

18.- ASEGURUAK

Lasterketako partehartzaile guztiek aseguru bat izango dute, probaren baitan min hartu edo istripuren bat izanez gero estaldura osoa emateko. Lasterketa ondoren 24 ordu izango dira istripuaren berri emateko.

19.- SEGURTASUNA

Antolakuntzak, aurretik lasterketako batzordearekin hala adostuz gero, proba ordezko ibilbidetik desbideratzeko, beharrezkotzat jotzen dituen aldaketak egiteko eta, eguraldiak hala eskatzen badu, lasterketa bertan behera uzteko eskubide osoa izango du, beti ere lasterkarien, bolondresen eta ikusleen segurtasuna bermatuz.

Mendi zerrako puntu kritikoenetan, bolondres eta antolatzaileez gain, suhiltzaile talde bat egongo da lasterkarien segurtasuna bermatzeko lanean. Puntu hauetan, derrigorrezkoa izango da suhiltzaileek esandako pausuak jarraitu eta inguruko lasterkariak edo norbere burua arriskuan jarriko duen jarrera oro ekiditea. Hau bete ezean, antolatzaile, boluntario zein suhiltzaileek abisua emateko aukera izango dute, eta kasu larrienetan, korrikalariak lasterketatik kanpo utzi daitezke.

20.- LAGUNTZA EZBEHARRETAN

Parte-hartzaileek betekizun izango dute istripuren bat izan duen edonor laguntzea eta kontrol-guneetan edozein ezbeharren berri ematea.

21.- ERANTZUKIZUNA

Antolakuntzak erantzukizun oro ukatuko du istripuren bat gertatu edo zabarkeriaz jokatzen bada. Parte-hartzaileen objektu pertsonalei dagokienez, xede horrekin prestaturiko kontsigna zerbitzua erabiltzea eskatzen da. 

Arauak bete ezean, parte-hartzaileek izango dute euren buruari edota hirugarren pertsonei eragindako kalte ororen erantzukizuna.

 

22.- ZIGORRAK

Honakoak izango dira arau-hausteen zigorrak:

  • Beste korrikalari edota beste pertsona baten izenean partehartzeagatik hurrengo 4 urtean partehartzea galaraziko zaio korrikalariari. 
  • Ibilbidean zehar anoa postuetatik kanpo zaborra bota ezkero, lasterketatik kanporatua izan daiteke.
  • Kontrol posturen batean ez pasatu edo dortsala erakutsi ezean, lasterketatik kanporatua izan daiteke.
  • Ibilbidean zehar derrigorturiko materiala jaztea ukatuz gero, lasterketatik kanporatua izango da.
  • Ibilbidean zehar beste lasterkariren bat edota ikusleren bat arriskuan jarriz gero, lasterketatik kanporatu edo 3 minutuko denbora penalizazioa ezarri daiteke, ekintzaren larritasunaren arabera.
  • Derrigorrezko materiala uneoro soinean eraman ezean, lasterketatik kanporatu edo 5 minutuko denbora penalizazioa ezarri daiteke.
  • Antolakuntza, segurtasun edo sorospen taldeetako laguntzaileen adierazpen edo aginduei kasurik egin ezean, korrikalaria lasterketatik kanporatua izango da.
  • Ibilbidean zeharreko tarteetara denboraz kanpoz iritsiz gero, korrikalaria lasterketatik kanporatua izango da​, dortsala kenduaz.

23.- IRUDI ESKUBIDEAK

Lasterketan parte hartzea onartzean, lehiakideek onartzen dute ekitaldiaren antolakuntzak eta babesleek irudiak, argazkiak, bideoak eta lehiaketan zehar sortutako edozein ikus-entzunezko material erabiltzeko eskubidea dutela, ekitaldiarekin lotutako helburuekin. Horren barruan sartzen da komunikabideetan, sare sozialetan, webguneetan eta inprimatutako materialetan argitaratzea.

24.- BESTE BATZUK

Arautegi honetan aipatzen ez diren beste edozein puntu Euskal Mendizale Federazioaren (EMF – FVM) mendi lasterketen arautegiak esaten duen erara arautuko da.

 

Guztion artean Aloñako Igoera seguru, jasangarri eta eder bat antolatu dezakegulakoan, gozatu, bizi ibili eta kontuz deabruarekin!


 

ALOÑAKO IGOERAREN ANTOLAKUNTZA TALDEA