Lasterketa amaieran domina bana jasoko dute Aloñako Igoerako lasterkariek
Lasterketa amaieran domina bana jasoko dute Aloñako Igoerako lasterkariek. Hori izango da aurtengo beste berrikuntza bat. Hori bai, guztiek ez dute domina bera jasoko. Hiru domina egongo dira, urrezkoak, zilarrezkoak eta brontzezkoak irudikatuz, eta egindako denboraren arabera jasoko dute lasterkariek bata edo bestea.
Urrezko dominak Luzifer deabrua du. Harrotasunaren deabrua da Luzifer, eta lasterketa 2,30 ordu azpitik egiten dutenek jasoko dute. Harekin, lasterketa denbora bikain horretan bukatzeak eman dezakeen harrotasuna islatu gura da.
Zilarrezko domina, aldiz, Satanas deabruarena da. Haserrearen deabrua da Satanas, eta lasterketa 2,30 eta 3 ordu artean egiten dutenek jasoko dute. Harekin, 2,30 ordu azpitik egitearen harrotasunik barik geratu direnen amorrua islatu nahi da.
Azken dominak, brontzezkoak, Belfegor deabrua daroa. 3 ordutik gorako denbora egin dutenek jasoko dute. Hau, tira, alferkeriaren deabrua da…
Norberak norbere buruarekin “pike” moduko bat izatea bilatzen du egitasmo berriak, eta urtez urte errepikatuko da. Beraz, aurten lortzen ez den hori datorrenean lortzeko aukera izango dute lasterkariek. Edizio zenbakia eta eginiko denbora jartzeko aukera izango da domina atzean.
Zorte on!