2024an ospatuko den XIX. ALOÑAKO IGOERAN bi ordu azpitik helmugaratzeko erronka izango dute lasterkariek



52872343715_18734b7b4f_o

Aurten, XIX. Aloñako Igoera apirilak 28an, igandea, ospatuko da. 

Goizeko lehen orduetan, 300 korrikalari inguruk girotuko dute Foruen Plaza (irteera puntua). 

Deabruaren abisuarekin batera hasiko dira atxintxika bizian Aloñarako bidean eta nork edo nork izango du orain artean inork lortu ez duen errekorra hausteko helburua, helmugara 2 orduz azpitik sartzeko erronka hain justu. 

Gaur gaurkoz, azkarren helmugaratu den korrikalaria Ionut Zinka izan da, 2:00:04 denborarekin (2014). Emakumezkoetan, berriz, Malen Osa da 2:18:34 denborarekin errekorraren jabe (2023). 

Etxeko korrikalarien arten, ibilbide osoa azkarren burutu duena Asier Alonso izan da, 2:08:03 denboran helmugaratuz (2017). Emakumezko oñatiar azkarrena, aldiz, Malen Osa da, aurrez adierazitako denborarekin. 

Aloñako tontorrak ere badu errekor propioa, Foruen Plazatik bertaraino. 48:01 minututan heldu zen Imanol Goñi 2018an. Emakumezkoetan 56:30 minututan du marka Maite Maiorak (2017).

Ibilbidea

Probak, Oñatiko Foruen Plazatik abiatuta, 22,6 km-ko luzera eta 1.868 m-ko desnibel positiboa du. 

Gorgomendi tontorrera (Aloña, 8 km) arte, korrikalariak goranzko bidea izango dute. Behin hona helduta, kresterio eremu tekniko batean murgilduko dira. Hemen, gogoratu, bertan izango diren suhiltzaileen esanetara egongo direla korrikalariak. Kresteriotik atera eta hainbat tontor gaindituta, ibilbideko puntu altuenera iritsiko dira korrikalariak: Artzanburu 1.352 m (13 km). Bertatik, beheranzko zatiari ekingo diote Foruen Plazan helmugaratu arte.

Ibilbidea ondorengo anoa puntuez hornituta egongo da:

  • Urtiagain 4 km (likidoa)
  • Gorgomendi – Aloña 8 km (likidoa + solidoa)
  • Eskista 13 km (likidoa + solidoa)
  • Aginaga 16 km (likido + solidoa)
  • Karolieta – Zalditokia 21 km (likidoa)
  • Helmuga – Foruen Plaza 22,6 km (likidoa + solidoa)

Hiru denbora-kontrol ere izango dira eta horietatik korrikalariek ondorengo denbora-mugan pasa beharko dute:

  • Gorgomendi – Aloña: 1 h 45 min
  • Eskista: 2 h 45 min
  • Helmuga: 4 h 15 min