Salomonek antolaturiko Golden Trail National Series zirkuituan egongo da XIX. Aloñako Igoera



52095614477_7c48019881_o

Urrats berria egingo du Aloñako Igoerak. Salomon markak antolaturiko Golden Trail National Series zirkuituaren barruan sartu da hemeretzigarren edizioa -harekin, gaur-gaurkoz, lau lasterketek osatzen dute iberiar penintsulako zirkuitua-. Aurten, apirilaren 28an egingo da Oñatin (Gipuzkoa) antolatu ohi den Aloñako Igoera kirol proba, eta urtarrilaren 27an zabalduko da izen-emate epe orokorra, 10:00etan, www.kronoak.com webgunean. Ohi den moduan, oñatiarrek, aurretik, urtarrilaren 24tik 26ra bitartean, izango dute izena emateko aukera -10:00etan zabalduko da izen-ematea-. 2005ean egin zen Aloñako Igoera lehenengoz, eta mendi korrikalarien egutegietan indarra hartzen joan da ordutik. Euskal Herrian, lasterketa zaharrenetarikoa da, Zegama Aizkorrirekin batera. Salomonen zirkuituan egotea aitortza moduko bat da kirol probarentzako eta urteetan horren bueltan jardun duten boluntario guztientzako

Azken urteetan asko hazi da mendiko lasterketen modalitatea, eta kirolaren sektoreko markak horiei begira jarriak dira dagoeneko. Horren adibide, besteren artean, Salomon markak mundu mailan sortuak dituen zirkuituak: Golden Trail Series (mundu mailako zirkuitua da, eta, besteak beste, barnean du Zegama-Aizkorri proba) eta Golden Trail National Series (estatu edo eremu geografikoaren arabera antolaturiko zirkuituak). Bigarrenean izango da Aloñako Igoera. Batez ere lasterkari gazteentzat eta munduan zehar lehiatu ezin direnentzat sortu zuten Golden Trail National Series. Eta Golden Trail World Serieseko finalerako sailkatzen dira lehen sailkatuak. Horretarako, Golden Trail National Series zirkuitu ezberdinak daude munduan zehar, horien artean, iberiar penintsulan, Espainiako Estatuko eta Portugaleko lau lasterketa barnebiltzen dituena -aurten, lehenengoz, bertan izango da Aloñako Igoera. Zirkuitu honetan egoteak, beste salto bat ekarriko dio lasterketari. Oihartzun handia ekarriko dio nazioarte mailan, lasterketa herrikoi bat izatetik mundu mailan entzutetsuenetarikoa den zirkuituaren parte izatera pasako baita. Horrek, besteak beste, ikusgarritasuna emango dio Aloñako Igoerari, Oñatiri eta Debagoieneari. Hori bai, azpimarratu, urrats berriak ez diola aparteko aldaketarik ekarriko kirol probaren zelakotasunari, ezta haren antolakuntzari edo helburuei: Badakigu nondik gatozen, zer garen eta zer nahi dugun. Betiko moduan jarraituko dugu lasterkaria eta mendia mimoz zainduz, orain arte moduan, herriaren alde lan egiten, herriko gainontzeko eragile eta boluntario guztien moduan, haiekin batera. Era berean, eskerrak eman urte luzeetan Aloñako Igoeraren bueltan izan diren antolakuntzako kideak, boluntarioak, babesleak, eta, oro har, kirol probaren ibilbidea betetzen duten ikusleak.

Atzera begira

Atzera begira jarriaz, 2005. urtean egin zen lehen aldiz Aloñako Igoera. Ez zen gaur egun ezagutzen den lasterketa bera, izan ere, lehen bederatzi aldietan, leku beretik igotzen eta jaisten zen Aloña, 16 kilometroko lasterketa izanik. Ostean, kirol probaren hamargarren urteurrenean, dataren esangurak eraginda, ibilbidea aldatzea erabaki zuten antolatzaileek -egungo ibilbidea zehaztu zuten-. Horretan geratu barik, hamargarren urteurrenean egin ziren lehenengoz Buetraitzeko Igoera Bertikala -aurten ez da egingo- eta Aloña Txiki lasterketa, gainera, desafioak antolatu ziren, hitzaldiak eskaini ziren… Eta bestelakorik ere ekarri zuen hamargarren urteurrenak: “ongi etorri infernura” leloa eta deabrua aurkeztu baitzen. 

Datorren urtean izango da hogeigarren urteurrena, eta Golden Trail National Series zirkuituaren parte izate honek asteburua are bereziagoa izatea ahalbidetuko du. Ezin ahaztu, urte batzuen ostean bueltan izango den Buetraitzeko Igoera Bertikala.